Historian zehar, zinema industriak artelan zoragarriak eman dizkigu (eta ematen dizkigu), ez da alferrik izendatzen zazpigarren artea. Baina altxor hauetako asko ezezagunak ditugu, dela oharkabean igaro zaizkigulako, dela ez dutelako tarterik izan gure inguruko zabalpen kanal komertzialetan. Adibide bat jartzearren, Europara nekez heltzen zaizkigu India edota Nigerian ekoiztutako lanak, urtean pelikula ekoizpen handiena duten herrialdeak.
Beste batzuetan, harribitxi hauen sustapena beste ekoizpen komertzialek eragiten diguten bonbardaketa publizitarioan itotzen da; gerta daiteke baita ere, gure inguruan eginak izan arren, lan hauek zirkuitu komertzial ezagunetan ez sartu izana.
Erakusleiho honetan bereziki interesgarritzat jotzen ditugun harribitxi horiek eskaini nahi dizkizugu, dena delakoagatik merezi baina era sotilagoan igaro direnak gure artetik. Ezagutzea merezi duten istorioak, hunkitu gaituzten eszenak, gure begietan tinko geratu diren irudiak eta gozatzeko moduko lanak.
Honakoak dira gure harribitxi ezkutuak.
